Arrigorri hondartzan erabilitako eskularruak agertu dira; “gure herria, ingurumena eta osasuna guk zaindu behar ditugu”

0

Ondarroako Udala kexu da azken egunetan Arrigorri hondartzan agertu den hondakin kopuruarekin, bereziki latexko eskularreuen agerpenarekin. Udalak uste du eskularru horietako asko ez direla zuzenean Arrigorri hondartzan bertan botatakoak, beraz, dei egiten die herritarrei erabilitako eskularruak zakarrontzietara botatzeko, lurrera botaz gero hondartzan, errekan, itsasoan edo edozein berdegunetan amaitzen baitute.

Zunbeltz Bedialauneta alkateak mezu zuzena bidali nahi izan die herritarrei: “gure herria, ingurumena eta osasuna guk zaindu behar ditugu”. Azken hilabeteetan asko areagotu da eskularruen erabilera osasun larrialdi egoera dela eta, baina udalak gogorarazi du bakoitzak bere eskularruen ardura daukala, eta erabilitakoan oso garrantzitsua dela lurrera ez botatzea: “alde batetik ingurumenean egiten duten kaltea dago, baina horrez gain eskularru horiek (hondartzan agertutakoak edo kalean agertu daitezkeenak) gaitzen bat transmititzeko bitartekoak izan daitezke eta garbitzaileek, nahiz eta segurtasun neurriekin lan egin, ez dute zertan euren burua arriskuan ipini batzuek hondakinak zakarrontzira botatzen ez dituztelako”.

Bestalde, udaletik ere eskari zuzena egin nahi zaie bezeroentzako eskularruak denda kanpoan dituzten merkatariekin: “egun haizetsuetan bereziki kontuz ibiltzeko eskatzen diegu, haize boladekin errekan amaitu dezaketen eskularruak asko izan daitezke eta”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina