Danonartin elkarteko sortzaileek jasoko dute 2021eko Zilarrezko Antxoa: Juan Jose Bedialaunetak, Juana Cabrerak eta Isabel Matak

0

Danonartin elkartea sortzeko lehen haziak erein zituztenek jasoko dute aurtengo aitortza. Ondarroako Udalak eta Danonartin elkarteak uste dute une berezian datorrela gainera aitortza: “inoiz baino familia gehiagori laguntzen die Danonartin elkarteak, eta hein handi batean, beraiei esker da. Beraiek hasi ziren proiektu honekin”.

Zapatuan, maiatzak 15, Antxoa Eguna ospatu behar zen egunean emango zaie Zilarrezko Antxoa aurtengo hiru omenduei, 12:00etan Kofradia Zaharreko bigarren pisuan. Egungo egoerara egokitutako ekitaldia izango da.

Eskerrik asko Juan Jose Bedialauneta Txakartegi, Juana Cabrera Gallego eta Isabel Mata Fuentes.

Aurten ere Covid-19a dela eta Antxoa Egunik ospatuko ez den arren, arrazoirik ez da falta izan Zilarrezko Antxoa emateko. “Covid-19ak eragindako egoera honetan egonda beharrizanak dituztenei are gehiago laguntzen dien elkarte baten sortzaileentzat doa aurtengo aitortza. Uste dugu gaur egungo egoerari aurre egitea are zailagoa izango zela Danonartin elkartearen laguntzarik gabe. Funtsezkoak bihurtu dira herriko hainbat familiarentzat eta zer esanik ez ongizate batzordearentzat. Ezin da neurtu Danonartinek egiten duen lana”.

Danonartin elkartea ofizialki 2013an eratu bazen ere, urte bi lehenago hasi ziren bidea egiten Cabrera eta Bedialauneta. Orgatxoa hartu eta dendarik denda joaten ziren jatekoa batzen urte horretako Gabonetan herriko familia bat jatekorik gabe geratu ez zedin. Hiru herritarrek ereindako hazi hartatik ernaldu da Danonartin. Orgatxo batekin hasi zen janari bilketatik azken bilketa berezian 3.546 kilo elikagai batzera iritsi da Danonartin.

2020ko Zilarrezko Antxoa. Iazko Zilarrezko Antxoa Artibai Egoitzako langileentzako izan zen. Baina Covid-19ak eragindako egoera zelakoa zen ikusita, merezitako aitortza behar bezala antolatzea posible izan arte ez da Zilarrezko Antxoa emateko ekitaldia egingo. “Uste dugu egoitzako langileei Zilarrezko Antxoa ematerakoan bertan egon behar direla bai egoiliarrak, bai hauen senideak eta baita gainontzeko herritarrak ere, guztiok eskaini diezaiegun merezi duten omenaldia. Behar beste itxarongo dugu, oroigarria emateko unea festa bat izatea nahi dugulako, bai omenduentzat eta baita Artibai egoitzako egoiliarrentzat ere”, esan du Zunbeltz Bedialauneta ibaibarriaga alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina