Maiatzaren 6an izango da Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesuko azken saioa

1

Apirilaren 7an egitekoa zen parte hartze saioa maiatzaren 6an egitea erabaki dute Kamiñazpiko parte hartze prozesuko jarraipen batzordeko kideek. Horrenbestez, parte hartze prozesuko azken saioa maiatzaren 6an, zapatua, 11:00etatik 13:00etara izango da. Bertan, aurrekontuak eskuan hartuta parkean egin beharreko aldaketak definituko dituzte herritarrek, horregatik parkeko lanak egiteko izango duten aurrekontu zehatza ezagutu arte atzeratu dute azken saioa. Bertan, parkearen diseinu berria erabakiko da, eta horren ostean parte hartze prozesua gidatu duten arkitektu taldeko lagunek proiektua burutuko dute.

Orain arte egin diren saioetan 40 lagun inguruk parte hartu dute. Lehenengo hiru saioak bi lan taldetan banatuta egin dituzte, 5 urtetik aurrerakoek eta helduek. Bukaeran baina bi lan taldeetan eztabaidatutakoa elkarbanatu dute parte hartzaile guztien artean. Udalarentzako ariketa polita eta beharrezkoa izan da Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesuaren eta aurrerantzean ere herria denon artean eraikitzen jarraitzeko ahalegina egingo duela esan du udalak. ‘Herriko txikienek ere badute zeresana eta asko erakutsi digute prozesu honetan, sarri askotan guk geuk identifikatzen ez genituen premia eta gabeziak identifikatzeko gai izan baitira’ azaldu du Eneritz Basurko Hezkuntza eta Hirigintza zinegotziak. ‘Aurrerago ere erabakiak hartzeko unean horrelako ariketak egin beharko dira, emaitza denon beharretara egokitutakoa izango dela bermatzeko’ gaineratu du Basurkok.

Parte hartze prozesu honetan herritarren kezka nagusia izan dira Ondarroako berdeguneen gabezia, txakur kakak, Kamiñazpiko parkean komun egoki batzuen beharrizana, umeentzako egokiak diren jolasen premia, errekarako pasabidea, eserita egoteko bankuak, zoladura, argiztapena eta parkearen erdigunean dagoen zuhaitza. Kezka edo premia horietatik proiektua garatzeko dagoen aurrekontua eskuan hartuta, Kamiñazpiko parkea izango dena eta izango dituen elementuak adostuko dituzte parte hartu duten guztien artean. Proiektua bukatutakoan, Kamiñazpiko jaien bezperan, herritar guztiei zuzendutako aurkezpen publikoa egingo du udalak eta horretaz gain www.ondarroa.eu eta www.udalbarria.eus webgunean egongo da ikusgai.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Iruzkin 1

  1. Yolanda Burgoa on

    Kamiñazpiko parkeari buruz esan nahi dut idea bi , bat errixo partea eta kotxik aparkata egoten diren alderdire arbola autoktonuk bakoitza bere kartelaz jartzea egoki izango zen, eta bigarrena errixo partean egurrezko balkoi txiki bat jarri bertako fauna eta flora adierazten duen panel batekin.

Reply To Yolanda Burgoa Cancel Reply