Herrian agertu den Covid-19 fokua dela eta zentzuz jokatzeko eskatzen du Ondarroako Udalak; Osakidetzak martxan dauzka behar diren protokoloak

0

Azken egun eta orduetan Ondarroan baieztatu diren Covid-19 kasuak direla eta, Ondarroako Udalak zentzuz eta arduraz jokatzeko eskaria egiten die herritarrei. Positibo eman duten kasuak banan-banan ikertzeaz arduratzen ari da Osakidetza, eta bera ari da markatzen jarraitu beharreko urrats guztiak. Osakidetzatik adierazi dute kasu bakoitza berezia izaten dela eta kasu guztietan ez direla urrats eta neurri berezi berdinak jarraitzen.

Udaletik elkartasuna une hauetan gaizki pasatzen ari direnei. Laguntza behar izatekotan boluntario sareak martxan darrai eta udalaren baliabide guztiak ere eskura daude.

Covid-19aren sintomaren bat edukiz gero ez irten etxetik eta deitu lehenbailehen osasun zentrora: 900 20 30 50.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak dauka egoeraren ardura, eta positiboak egon badauden arren egoera kontrolpean daukatela adierazi dute. Ondarroako Udalak dauzkan bitarteko, baliabide eta azpiegitura guztiak Osakidetzaren esku ipini ditu. Artibai egoitzan bihar (uztailak 30) goizean egingo dituzte Covid-19 probak.

Alkateak herritarrei zentzuz eta batez ere positibo eman dutenenganako errespetuz jokatzeko eskatu du. “Oso garrantzitsua da maskarila erabiltzen jarraitzea eta eskuak etengabe garbitzea; gogoratu maskarila egoera onean erabili behar dela, bestela ez du eraginik. Horrez gain, garrantzitsua da ere iturri ofizialetatik ez datozen informazioak eta zurru-murruak ez zabaltzea, egoera are gehiago ez zailtzeko. Herri txiki bat gara, denok ezagutzen dugu elkar eta ez da inor seinalatu behar. Osasun publikoko arazo larri kolektiboa da Koronabirusa”. Alkateak azpimarratu du prebentzioa dela momentuz botikarik onena: “denok ipini behar dugu gure aldetik. Bakoitzak berea ondo egin behar du. Ez du balio aitzakiak ipintzen aritzea. Gomendioak bete ezean ondorioak latzak izan daitezke”.

Boluntario sarea, martxan. Konfinamendu garaian Ondarroako Udalak martxan ipini zuen boluntario sareak martxan darrai. 608 22 97 95 telefono zenbakira deitu behar dute arrazoiren batengatik etxean dauden edota etxetik atera ezin diren herritarrek. Boluntario sareko kideek lehengaien erosketak, farmaziako erosketak, okindegira joatea edota antzeko mandatuak egingo dituzte.

ETXEAN ISOLATUTA EGOTEKO GOMENDIOAK


 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina