Zaldupe udal kiroldegiko zenbait geletan hobekuntza lanak egiten hasi dira, herritarren eskariei erantzuteko asmoz

0

Ondarroako Udala Zaldupe udal kiroldegiko hainbat gela berrantolatzen eta egokitzen ari da. Kirolzaleen eskariak aldatuz doaz azken urteetan eta horrek birmoldaketa prozesu batera eraman du kiroldegia. Gihartza gelan eta bigarren soinketa gelan egingo dira birmoldaketak. “Apurka-apurka bada ere kiroldegia eta bertako instalakuntzak herritarren eskarira moldatzen joatea da gure asmoa”, esan du Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak. “Lanak aste honetan hasi dira, eta udan ere martxan egongo dira. Ikasturte berriarekin batera lanak amaitzea aurreikusten dugu”.

Gimnasioa da gaur egun erabiltzaileek gehien eskatzen duten gunea. Horregatik, eta Covid-19a dela eta ezarritako neurri bereziak baliatuz, gimnasio lehen solairuko soinketa gela handira pasa da eta bertan kokatuta egongo da hemendik aurrera ere.

Bigarren soinketa gela.

Gihartza gela (gimnasioa) espazio zabala izango da eta bertan tarima ipiniko da, jazz dantza eta beste ikastaro batzuk eman ahal izateko. Tarimarekin batera ispiluak ere ipiniko dira. Tarima botako da dantzan egiterakoan aproposagoa delako dantzarientzat, pisua hobeto jasaten duelako eta birak egiteko leunagoa delako. Gihartza gelaren barruan zegoen beste espazioa, ostera, kardio gunea zegoena, balleta egiteko erabiliko da.

Bigarren soinketa gelan berriz (harrera bulegoaren gainean dagoena) parketa ipiniko da. Egun espazio hori kiroldegiak eskaintzen dituen jarduera desberdinak egiteko erabiltzen da. “Gaur egun zoru biguna dauka, baina parketa hobeagoa da ariketak egiteko eta horregatik aldatuko dugu. Zoru bigun horren zati horiek kiroldegiko beste espazio batzuetan erabiliko dira, gimnasioko pisuen gunean esaterako, lurraren kontrako talka handiegia izatea ekiditeko”, zehaztu du zinegotziak.

Gimnasioa, lehen solairuan. Gimnasioa da gaur egun erabiltzaileek gehien eskatzen duten gunea. Horregatik, eta Covid-19a dela eta ezarritako neurri bereziak baliatuz, gimnasio lehen solairuko soinketa gela handira pasa da eta bertan kokatuta egongo da hemendik aurrera ere. “Lehen solairuko espazioa askoz handiagoa da eta horrek neurriak hobeto betetzea ahalbidetzen digu. Horrez gain, udalaren asmoa zen datorren urtean gimnasioko makineria berriztatzea eta horrela gimnasio eraberritu bat edukitzea, herritarren urteetako eskariari erantzunez, baina egoera ekonomikoak airean utzi du gai hau: “une honetan egoera ekonomikoak eraginda ezin dugu baieztatu aurreikuspen hori betetzeko moduan gaudenik. Ahal bada egingo da, eta ezin bada atzeratu egin beharko da”. “Inbertsio handiak dira eta udalarentzako esfortzu handia suposatzen du. Gutxika-gutxika kiroldegia eraberritzen joan nahi dugu. Badakigu dena batera egitekoa ezinezkoa dela eta horregatik joango gara faseka kiroldegia berritzen”.

Lan horiez gain, aurtengo udan ere, urtero legez, ikasturtean zehar kirol kantxako zoruan sortu diren zuloak estaliko dira.

Balleterako espazioa sortuko da lehen kardio gunea zen lekuan.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina