Udaleko kale-garbitzaile bik eraso bat jasan dute, besteak beste, ibilgailu baten kristala hautsi duen perdigoi tiro batekin

0

Erasoa zapatu (maiatzak 1) goizean gertatu zen, 9:30ak aldean, Itsas Aurren. “Bi langileek ez zuten minik jasan eta ondo daude”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Udalak irmoki salatzen du gertatutakoa eta babes eta laguntza guztia adierazten die langileei. Gertatutakoa ikertzen ari da Udaltzaingoa, egilea zein den identifikatzeko.

Zapatuan jazo zen gertaera. Udal langile bi, kale-garbitzaileak, beraien ohiko jardunean ari ziren. 09:30ak inguru ziren. Euren ibilgailua Itsas Aurren utzi zuten zegozkien garbiketa lanak egiteko. Lehenengo arrautzak bota zizkieten inguruko etxeren batetik, gero pintura gorria eta azkenik perdigoi tiro bat. Tiro egin zutenean, zorionez, bi langileak ez zeuden ibilgailu barruan. Perdigoikadak ibilgailuaren atzeko kristala hautsi zuen.

Perdigoia, ibilgailu barruan, kristaletik zehar sartu eta gero.

Tiroaren inguruko informazioa batzen aritu da Udaltzaingoa eta dagoeneko nahiko bideratuta dauka ikerketa: “5’5 kalibreko perdigoia da, 4.2 kategoriako arma batetik bota da tiroa eta uste dugu arma bera zelakoa den ere badakigula”, esan du Ondarroako Udaltzaingoak. Zehaztu dute gertaera jazo zen unetik ikerketa martxan dagoela eta dagoeneko nahiko bideratuta daukatela tiroaren jatorria non kokatzen den. Informazio guztia bildutakoan Eusko Jaurlaritzari helaraziko dio Ondarroako Udaltzaingoak gertatutakoari buruzko txostena beharrezkoak diren neurriak hartu ditzaten.

“Bi langileek ez zuten minik jasan eta ondo daude. Hori da garrantzitsuena”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Ondarroako Udalak urtarrileko udalbatzan onartu zuen armei buruzko udal ordenantza berria, aho batez. “Ez dira asko ordenantza hau daukaten udalerriak, eta are gutxiago Ondarroaren tamainako herriak. Guk garrantzitsua ikusten genuen ordenantza hau sortzea, batez ere, azken aldian eman diren airsoft eta armekin aritzeko antzeko beste jarduera batzuen gorakada ikusita. Helburua arma guzti horiek kontrolpean izatea da”. Ordenantza berri horretan oinarrituta, tiro egin zuen pertsonak 10.000 eurotik gorako isun bati egin beharko dio aurre, etxetik bide publikora tiro egin eta ondasun publiko batean kalteak eragin eta denbora tarte batez erabilgarri ez egotea eragiteagatik. Eusko Jaurlaritzak dauka azken hitza erabaki hau hartzerakoan.

Pintura gorria.

Udalaren autoaren atzekaldeko kristala perdigoikadak hautsita.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina