Zapatuan jokatuko da ETE ligako estropada, XXXVII. Ondarroako Bandera 100 urte Aurrera Sari Nagusia

0

Aurrera Kirol Elkartearen mendeurrena ospatzeko darama izen hori aurtengo Ondarroako banderak. ETE ligako nesken traineru estropada izango da eta zapatuan lehiatuko da Ondarroako badian, 12:00etan.

Ondarroa Arraun Elkarteko eta Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritzetako kideek egin dute aurkezpena gaur (uztailak 5). Koldo Azpiazu arraun elkarteko presidenteak esan du aspalditi datorrela herriko bi kirol taldeen arteko harreman ona, eta urteurrena ospatzeko bi taldeak estropada honen antolaketan eskutik joatea polita dela: “Arraun Elkartearen bigarren aroan, 1925 eta 1926 urteetan garrantzi handia eduki zuen Aurrerak. 1925ean, Aurrerak bultzatutako ekimen bati esker, herriko arrantzaleak berriro batu eta estropadetan parte hartzen hasi ziren. 1926an Antiguako Ama izenarekin hasi ziren lehiatzen eta urte horretako irailaren 12an bigarren Kontxako bandera irabazi zuten. Horrez gain, beste bi Aldundi kopa ere irabazi zituzten Portugaleteko uretan”.

Ezkerretik eskumara: Koldo Azpiazu Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea, Ainhize Garalde Aurrerako idazkaria eta Mikel Santiso Aurrerako presidentea.

Estropada 12:00etan hasiko da Ondarroako badian (lau kaletan eta bi luzetara ziaboga bakarrarekin), eta ikusleek barra musturrera joateko aukera izango dute, hori bai, arraunlarientzako bereziki prestatuta egongo den eremua errespetatuz: “ikusleentzako barra musturraren goiko aldea egongo da prestatuta, behean arraunlariak eta taldeetako kideak egongo baitira, eurak bakarrik”.

Gogoratu oso garrantzitsua izango dela maskarila soinean edukitzea uneoro eta segurtasun distantzia mantentzea.

Ondarroako arraunlariak, frontoian, 1925eko irailaren 27an.

Arraun Elkarteko nesken taldea eta ordezkariak. Argazkia: Ondarroako KL

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina