Eusko Label eta EuskoTren ligetako Ondarroako banderak jokatuko dira zapatuan

0

Ondarroako XXXVIII. Bandera-Cikautxo Sari Nagusia. Hori izango da zapatu arratsaldean Ondarroako badian lehian egongo den bandera, bai Eusko Label ligako estropadan eta baita EuskoTren ligakoan ere. Neskena izango da lehenengo, 17:40ean eta ondoren mutileka, 18:13ean; Antiguako Ama trainerua arituko da hemen.

Banderen aurkezpenean egon ziren Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako Alkatea, Koldo Azpiazu Arraun Elkarteko presidentea eta Ugutz Arantzamendi Cikautxoko lehendakari-ordea.

Beste urte batez arraun munduko goi mailako kirol ekitaldi hau herrian egiteaz pozik agertu dira banderen aurkezpenean Zunbeltz Bedialauneta Alkatea eta Koldo Azpiazu Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea: ”estropada eguna egun berezia izaten da herrian. Goizetik igartzen da giro berezia eta herritar askok parte hartzen du era batera eso bestera estropadan, bai laguntzen edo baita ikusle moduan”, azpimarratu du Alkateak. ”Aurten gainera bereziki babestu behar ditugu herriko taldeko arraunlariak, etxeko estropada on bat egin eta beheko postuetatik aldentzeko. Dei egiten diegu herritarrei goizetik kamiseta gorriekin herria girotzera, kirolariek ere sentitu dezaten herriaren babesa”, gehitu du Alkateak.

Antiguako Ama traineruko kideak, zapatuan, Hondarribian. Argazkia: Iñaki Beitia/Ondarroako KL

Nesken estropadan talde hauek parte hartuko dute: Orio, Arran Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea.

Mutilen estropada talde hauek osatuko dute. Lehen txandan Ondarroa Cikautxo, Santurtzi, Ares eta Cabo da Cruz arituko dira. Bigarrenean, Lekittarra, Zierbena, Getaria eta Kaiku, eta ohorezko txandan Bermeo Urdaibai, Orio, Donostiarra eta Hondarribia.


Estropadako zaleen gunea Itsasaurreko karpan egongo da kokatuta eta bertan, besteak beste, pantaila erraldoia, Eusko Label produktuez gozatzeko aukera, Caixabank Koroak eta abar egongo dira. “Kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia egiten diegu udaletik, baina autoan datozenei anexuan eta Zaldupe kiroldegiaren aurrean aparkatzeko deia egiten diegu”, esan du Alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina