Maiatzaren 13an ospatuko da XXII. Antxoa Egune

0

Ondarroako Udalak eta herriko eragileek egun osorako jaia antolatu dute. Aurten, hogeitabigarren aldia izango du Antxoa Egunak Ondarroan, eta betiko oinarriak mantenduz ospatuko da: produktua, kultura, herriko eragileak eta gastronomia.

Lau oinarri horietatik abiatuta, 405 kilogramo antxoa banatuko ditu Udalak, eta horietatik 275 kilogramo herriko elkarte gastronomikoek prestatuko dituzte (Arranondo, Casa de Galicia, Eskilantxarri, Gau Hontza eta Pixape) gero herriko talde eta eragileek Nasa kalean ipinitako postuetan saltzeko, euro baten truke (Aurrera Geuria Txirrindu Elkartea, Arnasa Elkartea, Casa de Galicia, Danak Etxea, Harribide E.T., Kantaize Orfeoia, Karenka, Santoña Ameriketa Pala Taldea, Txirrimorraski eta Yaalah). Gainerako kiloak herriko tabernei banatuko zaizkie, festarekin bat egiteko. Antxoak pla-pla, antxoa pudinga, antxoa enpanadilak, antxoa-tortila, antxoa kroketak eta antxoa tenpura banatuko dituzte postu eta tabernetan. Horrez gain, Gamarra Ostalaritza Eskolak umeei bideratutako ekimen gastronomiko bat antolatu du eta umeek antxoak ozpinetan egiteko aukera izango dute.

Egun honetan ia urtero egiten den modura, kirolak ere izango du tartea. Ondarroa Arraun Elkartearen eskutik Trainerilen Bizkaiko Ligako 3.jardunaldia jokatuko da badian, 16:00etatik aurrera. Biharamunean ere izango du jarraipena, 10:30etik aurrera.

Omendua. Aurtengo omendua Josu Arrizabalaga Basterretxea izango da. Arrizabalaga, urte luzez ari da Ondarroako berbak eta esaerak batu, aztertu, esanahia ondo zehaztu eta denak biltzen. “Herri ondarea altxor bat dela esaten dugu beti, eta altxor hori webgune batean bildu du Arrizabalagak”, azaldu du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak. “Kultur arloko lantaldearekin berba egin ostean, uste izan dugu Antxoa Egunean Zilarrezko Antxoa ematea lan guzti honi eta herriari eta egungo zein datozen belaunaldiei egindako ekarpena aitortzeko aukera aparta dela”. Hemen klikatu eta sartu webgunera.

Herri hizkera jaso, landu eta zabaltzeko hamaika ahalegin egin dira gure herrian, zorionez.
Aurreko mendeetatik datorren langintza bat da, aitzindari handiak izan dituena: Txomin
Agirre, Augustin Zubikarai eta Jose Mari Azpiri idazleak, esanguratsuenak aipatzearren.
Bide erakusle haien lanak ez du etenik izan, lan isil asko egin delako urteetan
Ondarroako herri hizkera jaso eta zabaltzen. Etxean senideekin eta herrian auzokoekin
entzun eta ikasi ditugun, abesti esaera eta lokuzioak ezagutu ditugu langile finak izan
ditugulako herrian: Andoni Basterretxea, Antigua Urbieta, Nerea Arrieta, Josu
Arrizabalaga, Ana Urkiza, Jabier Arrieta, Antxon Uskola eta Mikel Etxaburu.

EGITARAUA (maiatzak 13, zapatua):

  • 12:00. Hiru turrune eta jaiaren hasiera.
  • 12:00-14:00. Umeak kozinatzen.
  • 12:30. IbilaldiXE abesbatza kalez-kale.
  • 14:00. Zilarrezko Antxoa ematea Alde Zaharrean.
  • 16:00. Estropadak badian.
  • 21:30. Erromeria Musika Plazan: Garilak 26.

Maiatzak 14, domeka:

  • 10:30. Estropadak badian.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina