Zapato Azule ez da ospatuko, beraz, jairik ez egitea eskatzen du Ondarroako Udalak, antolatzaileen erabakia errespetatuz eta guztion osasuna zainduz

0

Radixu Irratiak aurtengo Zapato Azule ez antolatzea erabaki zuen maiatzean, Koronabirusak eragindako egoera dela eta. Hori dela eta, Ondarroako Udalak dei egiten die herritarrei zein kanpotik etortzeko asmoa dutenei ekainaren 27an ez etortzeko Ondarroara, jairik ez delako egongo. “Udaletik uste dugu antolatzaileen erabakia guztiok errespeta behar dugun kontua dela. eta are gehiago kontuan hartuta Covid-19a dela eta hartu duten erabakia izan dela”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Gaineratu du, “arduraz” jokatzeko momentua dela eta horrela egiteko eskatu die herritarrei, tabernariei eta kanpotik etorri daitezkeenei. “Asko gozatzen dugu Zapato Azulean, baina orain ez da momentua. Radixu Irratiak guztion hobebeharrez hartu du erabakia eta guri hori errespetatzea dagokigu. Gero ez du balioko damutzeak”. Alkateak garbi utzi nahi izan du bat datorrela Radixu irratiak hartutako erabakiarekin. “Zapato Azulak, besteak beste, jende pilaketa du oinarri eta ez gaude eredu horretako jaialdi jendetsurik ospatzeko une egokian”.

Iazko Zapato Azulean jendetza Alde Zaharrean, Dinamartxari ongi etorria ematen.

Gomendio guztiez gain, udalak debekatu egin die ostalaritzako lokalei halako jai egunetan eduki ohi duten ordutegi berezia aplikatzea. “Jai egunetarako ordutegi berezia edukitzen dute tabernek, bi ordu gehiago zabalik edukitzeko. Urte hasieratik dekretu hori martxan egoten bada ere, 2020/0535 dekretuarekin bertan behera utzi dugu eta tabernek ohiko ordutegian itxi beharko dute. Terrazak gaueko 23:00ak arte egon ahal dira”. Horrez gain, egun horretan Udaltzaingoak gaueko txanda ere egiten du, eta hori mantendu egingo da, nahiz eta jairik ez egon.

[IRAKURRI HEMEN 2020/0535 DEKRETUA]

“Espero dugu zentzuz jokatzea denok. Orain arte egindako esfortzu guztia ezin da ezerezean geratu antolatzaileek bertan behera utzita duten jai bat ospatu nahi dutelako batzuek. Zentzuz eta arduraz jokatu behar dugu. Hilabete gogorrak izan dira orain dena hankaz gora botatzeko”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina