HAPOan genero ikuspegia txertatzeko proiektua abiarazi du Ondarroako Udalak

0

Ondarroako Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzen ari da Ondarroako Udala eta prozesu horretan genero ikuspegia txertatzeko proiektua abiarazi da Berdintasun sailetik. Proiektu horren xedea herritarrek, udal ordezkariek zein udal langileek euren ekarpenak egin eta genero ikuspuntua HAPOan ondo txertatuta geratzea da, hau da, etorkizuneko Ondarroa nolakoa izan behar den plan horretan genero ikuspuntua nolakoa izan behar den argi zehaztea.

Irina Alkorta: “beste herri edo hiri batzuetan ez da txertatzen horrelakorik, baina uste dut beharrezkoa dela, eta guk horrela egingo dugu. Genero ikuspegia alor guztietan txertatu eta kontuan hartu beharreko elementua dela uste dut”.

Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak funtsezkotzat jo du genero ikuspeagia HAPOan txertatzea: “Ondarroako Udalak urteetan genero ikuspegia lantzearekin daukan konpromisoa indartzen du proiektu honek. Ezin dugu etorkizuna planteatu genero ikuspegirik gabe. Udalaren zeregin, proiektu eta asmo guztietan txertatu beharreko elementua da, eta horretara dator proiektu hau”. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa medio, formakuntza eta partaidetza saioak prestatu ditu Ondarroako Udalak, lehen aipatutako hiru norabideetan: herritarrekin, udal ordezkariekin eta udaleko langileekin. Zinegotziak azpimarratu du HAPOan genero ikuspegia txertatzea ezin dela bakarrik udaletik kudeatu: “ekarpenak egiteko prestatu ditugu formakuntzak eta parte hartze saioak. Herritarren zein udal langileen ekarpenak jaso nahi ditugu, aniztasunaren, zaintzaren eta eguneroko bizitzaren plangintza erdigunera ekartzeko genero ikuspegiaren bitartez, iritzi desberdinak jaso eta ikuspuntu guztiak kontuan hartzeko”.

Herritarrei zuzendutako saioa, goian aipatu diren gaiak landu eta HAPOn txertatzeko argibideak eskaini asmoz azaroaren 30ean egingo da. Hurrengo bi asteetan berriz, HAPOari ekarpenak egiteko parte-hartze saioak egingo dira, abenduaren 3an eta 10ean (ordua eta lekua aurrerago zehaztuko dira).

Egungo pandemiak azaleratu egin ditu, besteak beste, jendartearen aniztasuna eta arrakalak, zaintza lanen banaketa desorekatua edota lan hauek garapen ekonomikorako daukaten garrantzia. Baina oraindik ere, eta Hirigintza arloan hartzen diren erabakiek guztion bizi-baldintzei eragiten dietela jakin arren, badakigu askotan hiri-plangintzan ez direla biztanle guztien beharrak eta gogoak maila berean jartzen. Hori ekiditeko, eta feminismoek erakutsitako bidetik, besteak beste honako gaiak bistaratu eta txertatu nahi dira HAPOan:

  • Aniztasuna, desberdinkeriak eta gizarte-kohesioa hiri-plangintzan.
  • Autonomiarako ingurune seguruak eta irisgarriak.
  • Ongizatearen babeserako eta sustapenerako ingurune osasungarriak.
  • Zaintza lanak babesteko, errazteko, arintzeko eta partekatzeko inguruneak.
  • Denboraren kontziliazioa eta zaintzaren mugikortasuna.
  • Etxebizitza, espazio publikoa, mugikortasuna edota ekipamenduak, Betaurreko Moreekin.

Irina Alkortak nabarmendu du hasieratik eduki dutela garbi HAPOan genero ikuspegia txertatu beharra: “beste herri edo hiri batzuetan ez da txertatzen horrelakorik, baina uste dut beharrezkoa dela, eta guk horrela egingo dugu. Genero ikuspegia alor guztietan txertatu eta kontuan hartu beharreko elementua dela uste dut”.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina