Itzuliaren Ondarroako etapek Zaldupen edukiko dute helmuga eta irteera

0

Euskal Herriko Itzuliaren 5.etapa (apirilak 9) eta 6.etapak (apirilak 10) Ondarroan edukiko dute helmuga eta irteera. Bi puntuak Zaldupen kokatuko dira, futbol zelaiaren aurrealdean hain justu. Aurrera Kirol Elkartearen 100. urteurrena dela eta dator Itzulia Ondarroara. Aurrera Kirol Elkartea da ekintza honen antolatzailea.

5.etapa Hondarribiatik dator. 160 kilometroko etapa izango da eta Ondarroan amaiera ez ezik igarobidea ere edukiko du. Etaparen erdian izango da, 80.kilometroan hain justu: Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ondoren Mutrikutik iritsiko da Ondarroara. Antzosoloko biribilgunean beherantz egingo dute, porturantz, gero Arta igo eta Lekeitiorantz joateko.

80.kilometroan igaroko da Ondarroatik 5.etapa.

[Itzuliaren 5. etapa: Hondarribia – Ondarroa. Ikusi hemen xehetasunak. Apirilak 9]

5.etaparen amaiera ere Mutrikutik sartuko da Ondarroara. Kasu honetan Zubi Barriko biribilgunean aurrerantz jarraituko dute eta Zaldupe udal futbol zelaiaren parean egongo da kokatuta helmuga.

Helmuga puntua Zaldupen egongo da.

6.etapa herri barrutik igaroko da; 14:30ean hasiko da. Antolakuntzak, Aurrerak eta Ondarroako Udalak egindako proposamena onartu du eta lasterketaren lehen metroak herri barrutik izango dira: Zaldupetik aterako dira, zubia gurutzatu, San Ignazio kaletik barrena, Alde Zaharra, Nasa kalea, Kantoipe eta portuko biribilgunerantz. Handik Antzosoloko biribilgunerantz abiatuko dira, Mutrikuko norabidea hartzeko (bertan batuko dira lasterketara taldeen ibilgailuak eta motoak). Irteera neutralizatua izango da; neutralizazioa Saturrarango gasolindegi parean amaituko da.

[Itzuliaren 6. etapa: Ondarroa – Eibar (Arrate). Ikusi hemen xehetasun guztiak. Apirilak 10]

6.etapak herria zeharkatuko du, Zaldupen hasita. Irteera neutralizatua izango da, Pikuperaino.

Antolakuntzatik gogorarazi dute Covid-19aren aurkako segurtasun protokoloak direla eta publikorik gabeko kirol ekitaldia izango dela Itzulia.

Iragan asteko eguenean Ondarroako puntu garrantzitsuenak aztertzen egon ziren antolakuntza, Aurrera Kirol Elkartea eta Udala (alkatea, alkateordea eta udaltzainburua). Lasterketaren puntu garrantzitsuena Zaldupen kokatuko da: bertan egongo dira kokatuta helmuga eta irteera, prentsa aretoa, firmen kontrola, bulegoak, aparkalekuak…

HONEKIN LOTUTA:

Itzulia, Ondarroatik igarotzen, 2019an. Argazkia: Photogomezsport/Itzulia

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina